
Munduko bazter guztietako euskaldunak elkartuko dira Donostian
Kursaal jauregian atzerrian dauden Euskal Gizataldeen V. Mundu Batzarra hartuko du, hiru egunez
Datorren azaroaren 2an, asteazkena, Euskal Gizataldeen V. Mundu Batzarra inauguratuko da Hitzordura 4 kontinentetako, hau da, Europa, Amerika, Asia eta Ozeaniako, 24 herrialdetako 178 Euskal Etxetako ordezkariak joango dira. Biltzar honek atzerriko euskaldunen egoera aztertzeko eta sakontzeko balioko du, beren eskaerak eta premiak aztertzeko, alegia. Biltzarra egiten den bitartean, eskola-umeentzako hitzaldiak, ikus-entzunezko eta literatura aurkezpenak eta gizataldeetako azoka bat ere egingo dira.
2011ko Euskal Gizataldeen V. Mundu Batzar hau Donostiako Kursaal biltzar jauregian egingo dute. Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak baieztatu duenez, kongresu hau, besteak beste, «euskal immigrazioaren, atzerriko euskal herritarren, Euskal Etxeen eta kulturaren inguruan eztabaidatzeko» baliagarria izango da. Echeniquek nabarmendu du hauxe izango dela indarkeria terroristaren etena iragarri ondoren egiten den lehen biltzarra, eta atzerrian dauden euskal gizataldeek «baikortasunez eta ilusioz» hartu dutela berria.
Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Julian Celayak atzerrian dauden euskal gizataldeetako zuzendariak datorren asteazkenean hasiko den Euskal Gizataldeen V. Mundu Batzar hau aurkeztu dute hedabideen aurrean. Aurkezpena Lehendakaritzan (Gasteiz) egin da.
Edizio honetako berritasunen artean, biltzarraz kanpo egingo diren bestelako jarduerak aipatu beharra dago. Hala, eskola-umeentzako hitzaldiak izango dira, ondoren euskal emigrazioaren inguruko materiala egiteko, euskal hezkuntza curriculumarentzat. Era berean, gaiarekin lotutako euskal emigrazioari buruzko hainbat lan literario aurkeztuko dira, gizataldeetako azoka bat egingo da eta 100 urte betetzear dauden edo bete dituzten zentro zein gizatalde hauek aintzatetsiko dituzte.
INFORMAZIO GEHIAGO EUSKADI.NET-en ETA FACEBOOK-en


Berri honen iruzkinen RSSa