
Gesto por la Paz-ek terrorismoaren aurka egin duen lana nabarmendu du lehendakariak
«Ez dago zuek baino aginpide handiagoz esan dezakeenik: lortu dugu»
Patxi López lehendakaria Fabian Laespadak eta Jesús Herrerosek osatzen zuten Euskal Herriko Gesto por la Paz Koordinakundearen ordezkaritzarekin bildu da gaur arratsaldean. Batzar hau ETAk jarduera terroristak bukatutzat eman eta gero alderdi politiko eta erakunde sozialekin egiten ari den bilera errondaren barruan kokatzen da.
Lehendakariak adierazi du, euskal gizarteak kitatzea ezinezkoa izango zaion zor handi bat daukala Gesto por la Paz-ekin, baina, erabat bidezkoa da hura aitortzea. Batez ere une hauetan, batzuek gertatu zaiguna ahazteko premia baitute, erantzukizunak eta sufritutako izugarrikeriak ahaztuz.
Lehendakariak nabarmendu duenez, Gesto por la Paz-ek euskal gizartea astindu eta terrorismoaren ziztadak sufritzen zutenenganako beldur eta axolagabetasunetik ateratzeko ezinbesteko lana egin zuen. Bere isileko militantzia intolerantziaren aurkako garrasi argi bat izan zen; terrorismoak bahitua zuen herritarren duintasuna salbatzeko altxatu zen eta indarkeriaren aurkako berrarmatze moralaren hasiera markatu zuen. Herritar gutxi batzuen ausardiak gehienen epelkeria edo ezaxolakeria orekatzea lortu zuen, hilketa bat gaitzesteagatik edota begizta urdinarekin bahiketa bat salatzeagatik hainbeste jendek jasan zuen eraso eta irain izan ziren urte laidoztatzaileetan.
Zentzu horretan lehendakariak uste du joan den urriaren 20an, sortu eta 25 urtera, Gesto por la Paz-ek inork baino aginpide handiagoa duela ondokoa esateko: «Lortu dugu». Izan ere, Gesto-k zilegitasun osoa du bizikidetza demokratikoaren garaipena aldarrikatzeko, indarkeriaren intolerantzia eta bidegabekeriaren aurrean, egileak eta biktimak direnak direla.
Gainera, askatasunaren aldeko borroka urte luze hauetan, bere protestaren irmotasuna erakunde bezala izan duen batasun eta aniztasunarekin orekatzea jakin du. Eta hau aintzat hartzeko balio duin bat da.
Lehendakariak adierazi du Gestoren esperientziak eta giza eskubideekin izan duen konpromisoa, orain ekin diogun askatasun eta bizikidetza aro berriari egin behar zaion ekarpen handia dela: pairatu dugun indarkeriaren aroa eta bere ondorioak memoriaren eta justiziaren bitartez ixteko eta gure gazteei intolerantzia eta nortasun dogmatismoaren aurka txertoa jarriko dien bakearen aldeko hezkuntza bat eskaintzeko.
Goizean, bilera erronda beraren barruan lehendakariak Ainhoa Etxaide idazkari nagusia buru zuen LAB-en ordezkaritza bat hartu du Lehendakaritzan.







Berri honen iruzkinen RSSa