
ETAk mehatxatutako pertsonak babesten zituzten Ertzaintzako agenteak tratu txarrak jasan dituzten emakumeen segurtasunaz arduratuko dira
Genero indarkeriaren biktimak Euskadiko irakaskuntza zentroetako ikasgeletan izango dira
Hainbat kazetarik eta adituk genero indarkeriako kasuei ematen zaien tratamendu informatiboa aztertu dute Euskalduna jauregian egin diren Genero Indarkeria & Komunikabideak jardunaldietan. Lehendakariak hedabideak deitu ditu indarkeria mota hau ETArenarekin egin duten bezala jorra dezaten. Ildo horretatik, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak lantalde bat osatuko du datozen hilabeteetan komunikabideekin, «matxismoaren aurkako horma etiko eta soziala» eraikitzen lagunduko duten urratsak zehazteko.
Patxi López lehendakariak gaur goizean jakinarazi du Eusko Jaurlaritza plan bat ari dela lantzen, tratu txarrak jasan dituzten emakumeen bizipenak ikastetxeetara eramateko. Horren helburua gazteak «gaitz horren» inguruan sentsibilizatzea da, «gizarte honen arazo larrienetariko bat» baita.
Eusko Jaurlaritzak, gainera, indarkeria matxista sufritzen duten emakumeen segurtasuna indartuko du. Orain arte terrorismoak mehatxatutako pertsonak babesten zituzten Ertzaintzako agenteak, «poliki-poliki» tratu txarrak jasan dituzten emakumeak zaintzen eta haien segurtasuna bermatzen hasiko dira. Lópezek jakinarazi duenez, zerbitzu horrek «zenbait emaitza eman du dagoeneko».
Bilboko Euskalduna Jauregiak Genero Indarkeria & Komunikabideak jardunaldiak hartu ditu azken bi egunetan, eta gaur, amaiera ekitaldian, Patxi López lehendakaria, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua eta Mariola Serrano Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Bulegoko zuzendaria egon dira.
Ekitaldian, lehendakariak gizarte osoari eskatu dio indarkeria honen aurka lan egiteko; izan ere, Lópezen iritziz, ezin dugu «beste alde batera begiratu».
Genero indarkeriaren biktimak diren emakumeei arreta telefonikoko zerbitzua: 900 840 111 - 016






Berri honen iruzkinen RSSa