
Bitartekaritza, trebakuntza eta teknologia berriak izango ditu ardatz Kontsumoko Euskal Institutuaren (Kontsumobide) 2012ko lehen aurrekontuak
Irailaren 1ean jarri zen abian Kontsumobide ¬- Kontsumoko Euskal Institutua. Osasun eta Kontsumo Sailari atxikita dago, baina izaera juridiko propioa du.
Haren eskumenen eta helburuen artean, hauek daude: bitartekaritza eta arbitrajea, erreklamazioei erantzutea eta merkatua eta informazioa kontrolatzea. Hori guztia, herritarrengandik gertu eta gatazkak arin konponduta egingo du. Lan hori egiteko, 2012an lehen aurrekontua izango du Kontsumobidek, 7.068.000 eurokoa.
Erreklamazioei dagokienez, bide telematikotik egiten diren izapidetze-sistemak hobetzen saiatuko da. Alde horretatik, Kontsumobideren lehen lana izan da lau telefonia-operadore nagusiekin hitzarmen bat sinatzea (duela gutxi izan da hori), posta elektronikoaren bidez egindako erreklamazio-izapideak arintzeko. Horri esker, operadoreek konpromisoa hartu dute Kontsumobidetik bidalitako erreklamazioak bide horretatik eta ahal bezain azkar erantzuteko, eta, gero, Institutua bera izango da erreklamazioa egin duenari bide bera erabilita erantzuteko arduraduna.
Institutuaren beste helburuetako bat da enpresen eta profesionalen erakundeekin lankidetza-hitzarmenak sinatzea, jardunbide egokien esparruan aurrera egiteko. Halaber, bitartekaritza- eta arbitraje-jarduerak sustatuko dira aldeen artean hitzarmenak lortzeko, eta KIUBekin eta Kontsumitzaileen Elkarteekin dauden harremanak koordinatuko ditu, kontsumitzaileak babesteko eta haien alde egiteko ahaleginak bateratzeko.
Merkatuaren ikuskapenari eta kontrolari garrantzia emango zaio, eta irismen bikoitza izango du helburu horrek: alerta-sarearen bidez, produktu arriskutsuak merkatutik kentzea eta ibilgetzea, eta produktuen eta zerbitzuen ikuskapen-kanpainak egitea, enpresek arauak betetzen dituztela ziurtatzeko.
Hauek izango dira beste alderdi garrantzitsu batzuk: kontsumo-dinamikak eta -ohiturak planifikatzea eta aztertzea (gazteenen hezkuntza arduratsura bideratuak bereziki), herritarrentzako eta kontsumo-teknikarientzako trebakuntza, eta beste erakunde batzuekiko lankidetza.
Informazioari dagokionez, Kontsumobideren atari berriaren kudeaketan jarriko da ahalegin guztia. Atari horri esker, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek kontsumo-jarduerak hobetzera bideratutako informazio eguneratua izango dute, ikuspuntu kritiko, arduratsu eta jasangarri batekin. Aldi berean, telefono bidezko arreta ematen jarraituko da (900600500).
Kontsumobideren egoitza nagusia Gasteizen egongo da, baina egoitza bat izango du probintzia bakoitzean, eta, jarduerak garatzeko, 4 administrazio-unitate izango ditu: Plangintza, Azterketak, Informazioa eta Trebakuntza; Erreklamazioak, Bitartekaritza eta Arbitrajea; Merkatuaren Ikuskaritza eta Kontrola eta Zerbitzu Orokorrak.


Berri honen iruzkinen RSSa