
Eusko Jaurlaritzak Zerbitzu Publikoen Kalitateari buruzko III. Estatu Konferentzia antolatu du
Bihar eta asteazkenean egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian, eta zerbitzu publikoen eraginkortasuna hobetzeko behar den kudeaketa iraunkorra eta kalitatezkoa aztertuko da
Eusko Jaurlaritzak eta Politika Publikoak eta Zerbitzuen Kalitatea Ebaluatzeko Estatuko Agentziak (AEVAL) Zerbitzu Publikoen Kalitateari buruzko III. Estatu Konferentzia antolatu dute Euskalduna Jauregian, bihar eta asteazkenean. Bi urterik behin egiten den konferentzia horrek profesionalentzako elkargunea eta harremanetarako aukera eskaini nahi du, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko jarraitu behar den estrategia zehaztu ahal izateko. Horrez gain, ingurune aproposa da Administrazio Publikoei proposamenak helarazteko eta administrazio horiek azken bi urteetan gauzatutako jardunbide egokiak eta hobekuntzak azaldu ditzaten.
Aurtengo topaketan arreta berezia jarriko da sareko lanean eta sareen kudeaketan, eta horrekin batera, eraginkortasun eta iraunkortasun parametrotan egindako kalitatearen kudeaketan, bost gai hauek ardatz hartuta:
- Sareen kudeaketa
- Kudeaketa eraginkorra eta iraunkorra
- Esku-hartze publikoen ebaluazioa
- Zerbitzu Publikoen Kalitateari buruzko Administrazio arteko Sareko
lantaldeen proiektuak aurkeztea
- Gardentasuna eta herritarren parte-hartzea
Konferentzia horretara hainbat administrazio eta autonomia erkidegotako hizlariak etorriko dira, eta osoko bilkuren bidez garatuko da; bertan, hitzaldi magistralak, mahai-inguruak eta Konferentziako azken ondorioak aurkeztuko dira.
Hona hemen jardunaldiaren egitarauan jasotako hitzaldi batzuk: "Gestión eficiente y sostenible"; "La Administración electrónica. El rediseño de procedimientos"; "Simplificación y reducción de cargas administrativas en los procedimientos de la Generalitat"; "Plan de Impulso a la Competitividad y Ahorro en la Sociedad (PLICA)"; "Transparencia y participación ciudadana"; "Memoria General de Responsabilidad Social en la Administración General del Estado"; "Proceso participativo sobre el Anteproyecto de Ley de la Buena Administración y del Buen Gobierno en la Red Social Facebook".
Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, EcoEuskadi 2020 aurkeztuko du: Euskal Autonomia Erkidegorako Garapen Iraunkorreko Estrategia, Lehendakaritzak zuzentzen duena eta Gobernuko sail guztiei eragingo diena.
Konferentzia horren harira, azaroaren 30ean, Kalitatea eta Berrikuntza Kudeaketa Publikoan 2010 izeneko Sariak emango dira. Sariketa horretarako deialdia Lurralde Politika eta Administrazio Publikoko Ministerioak egiten du urtero.


Berri honen iruzkinen RSSa