
Energia-biltegiratzearen eta ibilgailu elektrikoaren lidergo teknologikoa bere gain hartu du Europak
Eusko Jaurlaritzak, Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendiak ordezkatuta, Espainiaren ordezkari gisa parte hartu du energia-biltegiratzeari buruzko mintegiaren irekieran, Europako Batzordeko, Alemaniako, Frantziako, Estatu Batuetako eta Japoniako ministro eta goi-zuzendariekin batera.
Europak energia-biltegiratzearen eta ibilgailu elektrikoaren alde egiten duen apustu horrek Eusko Jaurlaritzak zientzian eta teknologian dituen estrategiak sendotzen ditu, baita energiaren sektoreari lotutako balio erantsiko sektoreen aldeko apustu estrategikoa ere.
Euskadi Europako eskualderik aktiboenetakoa da biltegiratze elektrokimikoko baliabideen (goi-edukierako bateriak) eta ibilgailu elektrikoa hedatzeko azpiegituren ikerketa eta garapenean.
Horretarako enpresa-sare sendoa du energiaren sektorean, ikerketa-zentroak, adibidez energiaren biltegiratzean espezializatuta dagoen energiGUNE IKZ, euskal unibertsitateetako ikerketa-unitateak, eta IBIL ibilgailu elektrikoaren karga-kudeatzailea.
Europako Batzordeak energia biltegiratzeko eta ibilgailu elektrikorako teknologiaren ikerketa eta garapena gidatzen duten herrialdeetako arduradun politiko nagusiak bildu ditu gaur goizean. Mintegiaren irekieran lehen mailako erakunde-ordezkariak izan dira, eta beren herrialdeetan energiaren inguruan enpresa-sare berri bat garatzeko babesa eta apustua azpimarratu dute. Horien artean nabarmentzekoak dira Michel Ferrandery, Frantziako Industria ministroa; Wolf-Dieter Lukas, Alemaniako Hezkuntza eta Ikerketa ministro federala; Xabier Garmendia, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energiako sailburuordea, Espainiaren ordezkari gisa jardun duena; eta David Howell, Estatu Batuetako Energia Departamentuko ordezkaria.
Mintegi teknikoaren irekieran beste hainbat agintari garrantzitsu zeuden, hala nola: Herbet von Bose, Europako Batzordeko Industria Teknologien zuzendaria; eta Wolfgang Steiger, ERTRAC eta EGCI Advisory Group-eko presidentea.
Mintegia ibilgailu berdeei buruzko Europako ekimenaren barnean dago, eta herrialde sustatzaile nagusiak ibilgailu elektrikorako energia-biltegiratzearen alorrean ikerketa garatzeko egiten ari diren ahaleginak bateratu nahi ditu. Europako Batzordearen apustu horrek, energiaren industria-sektoreak aberastasuna eta enplegua sortzeko iturri gisa ekonomia europar nagusietatik jasotzen duen babes garrantzitsuari erantzuten dio.
Inaugurazioaren ondoren, mintegi teknikoko txostenetan Alemania, Espainia, Frantzia, Austria, Erresuma Batua, Italia eta Israelgo industrietako adituek hartu dute parte, eta biltegiratzearen, produkzioaren eta eskualde-horniduraren alorreko enpresa-indar eta -ahalmenetan bildutako hiru saio tematikotan esku hartu dute.
Azkenik, koordinazioa eta estandarizazioa aztertu da, oso garrantzitsua baita baterien eta biltegiratze-teknologien alorrean europar merkatu bakarra sortzeko. Ildo horretan, azpimarratzekoa da Cegasa euskal enpresak aditu gisa parte hartu izana, ibilgailu elektrikorako bateria aurreratuetan esperientzia zabala baitauka.
Euskal enpresa-sarearen ahalmenak
Euskadin, Eusko Jaurlaritzak eta energiaren eta elektronikaren sektoreko enpresa eta industriek energia-zerbitzuetan oinarritutako teknologia eta negozio-ereduak garatzearen aldeko apustua egin dute. Euskadik punta-puntako industria dauka alor horretan, eta energiak erronka eta aukera berriak eskaintzen ditu punta-puntako teknologia lehiakorra eta aberastasuna eta enplegua sortzen duen teknologia sortzeko.
Ildo horretan, EnergiBasque estrategiak energiaren eta zientzia eta teknologiaren alorreko estrategiak bateratzen ditu, energia-zerbitzuen eta energetikoki iraunkorra den mugikortasunaren sektorea indartzeko. Horretarako, Euskadik maila goreneko industria- eta enpresa-sarea dauka, eta ikerketa-zentroekin eta unibertsitateekin batera lanean dihardu hiru jakintzagunetan: energiaren biltegiratzea, elektromugikortasuna eta sare elektriko adimendunak. Funtsezkoak eta elkarren artean osagarriak dira hiru garapen horiek, eta Europako Batzordeak eta Europako ekonomia nagusiek zutabe horietan bateratu dituzte ahaleginak, energetikoki iraunkorra den etorkizunerantz bideratzeko eta etorkizuneko industria-sektore berriak sortzeko modurik onena bezala.
Ahalegin horiek finkatzeko xedez, Eusko Jaurlaritzak enegiGUNE IKZ sortu zuen, hau da, energian eta energia-biltegiratzean espezializatutako ikerketa aurreratuko zentroa, alor horretan munduko liderra izateko helburuarekin. Era berean, 2010. urtean IBIL sortu zen, Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearen bitartez eta Repsolek % 50ean partaidetzen duten konpainia berria, Euskadin ibilgailu elektrikoaren errekarga-sarea garatu eta zabaltzeko eta horri lotutako karga-kudeaketako zerbitzuak eskaintzeko helburuarekin.
Euskadi etorkizuneko sektore horren babesle diren Europako lider nagusien artean ipini nahi duten ahaleginen batura bat da, aberastasuna eta enplegua sortuko duena energiaren eta bere zerbitzuen inguruko industria- eta enpresa-sare sendo baten bitartez.
Mintegiari buruzko informazio gehiago:
http://www.ict4fev.eu/public/documents/strategy-and-networking-event/strategy-and-networking-event
Brusela, 2011ko abenduaren 7a


Berri honen iruzkinen RSSa