
I+Gan BPGren % 3 lortzea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak 2015erako
Berrikuntza da krisitik ateratzeko eta euskal enpresak mundu globalean kokatzeko biderik «seguruena»
Lehendakariak Elgoibarko (Gipuzkoa) Ideko enpresa bisitatu du. Aitortu duenez, «berritzeko ikertu» behar da, euskal ekonomia hazi dadin eta egungo egoera ekonomikotik indartuta atera dadin. Hori dela eta, berrikuntza zeharkako politika bat da Eusko Jaurlaritzaren ekintzatan.
Eusko Jaurlaritza berrikuntzan oinarritutako hazkuntza eredu berri bat ezartzearen alde dago. Horrexegatik, Patxi López lehendakariak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berriaren esparruan Eusko Jaurlaritzak finkatutako helburua agertu du: euskal enpresek ikerketan eta garapenean egiten duten inbertsioa BPGren % 3ra iristea 2015erako; hain zuzen. Adierazi duenez, «partekatzen dugun ADNan berrikuntzaren genea ezartzea» da gauza.
Lehendakariak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak Idekoren instalazioak bisitatu dituzte. Ideko fabrikazio eta ekoizpen industrialaren teknologietan espezializatutako teknologia zentroa da, eta IK4 aliantza teknologikoan (Elgoibarren dago eta 25. urteurrena ospatu berri du) sartuta dago.
Lópezek baieztatu du Eusko Jaurlaritzak berrikuntza bilakatu duela «zeharkako politika, sail guztiak eta politika guztiak barne hartzen dituena». Lehendakariaren hitzetan, aurten, aurrekontuek «krisiaren eragina izan dute eta diru gutxiago bildu dugu, baina I+Garen aldeko apustuari eutsi diogu». Gogorarazi du Euskadik BPGren % 2ko muga gainditu dutela «lehenengo aldiz» arlo honetako inbertsioetan, Eustaten datuen arabera. Iazko hazkundea % 6koa izan zen, krisia egonda ere.










Berri honen iruzkinen RSSa