
Araban gasa erauzteko proiektuak 30.000 milioi euro eragingo lituzke
Enara Handiko lurpearen balioa Eusko Jaurlaritzak hiru urtetarako duen aurrekontuaren parekoa da
Eusko Jaurlaritzak hobi batzuk aztertzea —ustiatzea ez— erabaki du etorkizunean balizko gas-ustiategi bat ezartzeko aukeraren bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumenarekin lotutakoa egiaztatzeko. Fracking metodoa erabiliko litzateke. Metodo horren bidez, hobi bakoitzera ura jaurtitzen da, presio altuan, eta silize- eta gehigarri-kopuru txikiak gehitzen zaizkio, %3 eta nahastearen %2 baino gutxiago, hurrenez hurren. Teknika horren helburua da ama-haitza pitzatzea xurgatuta duen gasa askatzea lortu arte, eta, horrela, hobia martxan jartzen da. Teknika horrek lurpean ez du ingurumen-arriskurik eragiten, eta azalerako arriskuen eragile bakarrak materialen garraioa eta kutsadura akustikoa dira soilik.
Eusko Jaurlaritza Araban gasa ustiatzeko aukera aztertzen ari da, baina horrek ez du esan nahi gasa erauztea erabakita dagoenik. Proiektua azterketa-fasean dago, ekonomikoki, teknikoki eta ingurumenarekin arloan bideragarria dela frogatzeko. Xabier Garmendia Industria eta Energia sailburuordeak argitu du Enara Handiko gasaren balizko ustiapenak ez lukeela lurpeko ingurumenean inolako arriskurik eragingo eta azalerako arriskuen eragile bakarrak materialen garraioa eta kutsadura akustikoa direla soilik.
Baldintza teknikoak, ekonomikoak eta ingurumenarekin lotutakoak beteko balira, Araban gasa erauzteko proiektuak 30.000 milioi euro eragingo lituzke. Gainera, iragarritako erreserba ustiagarriak 185 bcm-ra (bilioi metro kubiko) iristen dira, hau da, Euskadin urtero kontsumitzen den gas naturalaren halako 60.
Teknika hidraulikoa, gas naturala harrapatuta dagoen harri ama estimulatzeko erabiltzen den teknika, funtsean, putzu bakoitzean ura presio handian sartu edo injektatzean datza. Urarekin batera, silize kantitate txikiak (%3) eta gehigarriak (nahastearen %2 baino gutxiago dena) sartzen dira. Teknika horren bidez, harri ama hausten da, eta barnean adsorbatuta duen gasa askatzen da, geroago putzua ustiatu ahal izateko. Hori horrela, erabili beharreko silize eta gehigarri mota eta proportzioak hobi bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izango da, kasuan kasu zehaztasunez probatu eta ezagutu behar dena, hain zuzen ere.
Bestetik, teknika edo estimulazio horren aurrean, hobi bakoitzaren erantzuna ezberdina izaten da; izan ere, hobi bakoitzak kantitate desberdin bat itzuli edo kanporatzen du, hausketan erabiltzen den ur eta gehigarriz osatutako nahastearen %10 eta %80 artean. Hori horrela, erabiltzen den nahaste hidraulikoa jasotzeko eta tratatzeko instalazioak ezberdinak aurreikusi behar dira kasu bakoitzean.
Gainera, beharrezkoa da ezagutzea zenbat ur behar den putzu bakoitza estimulatzeko, hobien ezaugarrien arabera ezberdina dena. Horrekin batera, Subijanako akuiferoa kutsadura arriskurik edo kalterik gabe zeharkatzeko zer teknika erabili behar den ezagutzea ere beharrezkoa da. Zorionez, ezagutzen dugun akuifero baten aurrean gaude, Subijanakoa sarritan zulatu baita arrakastaz. Aurrekoaz gain, putzuen zulaketa fasean gertatzen diren inpaktuak ere ezagutu beharra dago; ustiapen fasean, berriz, instalazio industrialik ez da behar, eta lan-gunean putzu-buru txiki bat baino ez da izaten.
Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak iragarritako esplorazio programa hastea.
Deskargak
- Audioak
- Bideoak
- Argazkiak
- PDF (2)
Politikariak
Beste gonbidatu batzuk
- Xabier Garmendia


Berri honen iruzkinen RSSa