
Eusko Jaurlaritzak ez du onartuko bere aurrekontuen aldez aurretiko kontrola
Eusko Jaurlaritzaren ustez, Administrazio zentralak Autonomia Erkidegoen Aurrekontuei aldez aurretiko kontrol bat jartzeko proiektua autogobernuaren kontrako eraso bat da eta ez du onartuko. Bere betebeharra da arrandikeriarik gabe baina zorrotz iragartzea.
Eusko Jaurlaritzak aurrekontuen gastuen mugak onartzen ditu, baita ordenamendu konstituzionaletik eta nazioarteko itunetatik eratorritako defizit eta zor publikoaren harira dituen betebeharrak ere. Hala ere, ezin du eta ez du onartuko horrelako ikuskapenik bere Aurrekontuen inguruan, autonomiaren printzipioaren kontra baitoa, eta Kontzertu Ekonomikoan ezarritako prozedurak hausten ditu. Halaber, Ekonomia ministroak hain neurri garrantzitsua mahaigaineratzeko erabili duen metodoa deitoratu du.
PPren Gobernuak kontu publikoen desdoikuntzak Autonomia Erkidego guztiak zigortuz konpondu nahi dituela ematen du, hau da, kontuan hartu gabe zeinek egin duten kudeaketa arduratsu eta zorrotza eta zeinek ez, eta aipatzekoa da azken horien artean haien alderdiak zuzenduriko batzuk gailentzen direla. Hori dela eta, autonomia erkidego guztiak zigortzeak arduragabeenak saritzea esan nahi du.
Administrazio Zentralak Autonomia Erkidegoen gastua kontrolatzeko nahikoa mekanismo dauzka, zorraren jaulkipena ikuskatzen eta baimentzen baitu. Autonomia Erkidegoen Aurrekontuei hasierako onespena ematen hastea kontrola bereganatzeko saio onartezina da.
Gogoan izan behar da, bestalde, zor publikoaren zati handi bat Administrazio Zentralari dagokiola, ez Autonomia Erkidegoei; aitzitik, ia zerbitzu publiko masibo guztiak Autonomia Erkidegoen erantzukizuna dira.
Euskadiren autogobernuaren bereizgarri dira erantzukizunaren eta arrisku partekatuen printzipioak. Eta gure erkidegoko baliabideen kudeaketa erakundeei bakarrik dagokie, beren autonomiaren esparruan.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak espero du Ekonomia ministroaren adierazpenak hutsegite bat izatea, eta ez Administrazio zentralaren saio bat autogobernurako gaitasuna mugatzeko. Bestela, argi geratu behar da Eusko Jaurlaritzak ez duela onartuko.


Berri honen iruzkinen RSSa