
8 milioi pertsonek Euskadiko erakusleihoa ikusi ahal izango dute hil honetan Londreseko Harrods merkataritza-guneetan
Sustapen-kanpaina joan den abenduaren 31n hasi zen eta urtarrilean jarraituko du
Inaugurazio ofiziala gaur arratsaldeko 18:00etan izango da eta bertan izango dira Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari nagusia, Isabel Muela, eta Espainiako Turismo Bulegoak Londresen duen bulegoko zuzendaria, Enrique Ruiz de Lera.Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bidez, eta Turespañaren laguntzarekin, urtarrilean Euskadi sustatuko du turismogune gisa Londreseko Harrods merkataritza-gune ospetsuetan.
Bigarren urtez jarraian antolatu da sustapen-ekintza Londreseko tokirik bisitatuenetako batean, eta joan den urtean ez bezala –Euskadik Andaluziarekin partekatu zuen lekua–, aurtengoan Euskadi izango da ekintzako protagonista bakarra. Hori horrela, merkataritza-guneetako bi erakusleiho Euskadiko abangoardiako arkitekturan oinarrituta daude: batak, koloretako kristalekin egindako Bilboko Guggenheim Museoaren erreprodukzioa biltzen du eta, besteak, Marqués de Riscal upategiko jatorrizko maketa.
Harrods merkataritza-gunean bertan, bisitariek Euskadiko hiru lurralde historikoetako hainbat irudi topatuko dituzte. Era berean, gaur arratsaldeko inaugurazioan, duela hilabete batzuk Euskadiri buruzko monografikoa argitaratu zuen ingelesezko Conde Nast Traveler aldizkariaren ehun bat harpidedunek Arabar Errioxako ardo-dastaketan hartuko dute parte.
Dagoeneko aipatutako ekintzez gain, hil honetan Harrods merkataritza-guneetan igorritako erosketa-txartel guztiek Euskadiko logoa izango dute eta erosleen artean bi lagunentzako bidaia zozketatuko da Euskadira. Kalkuluen arabera, urtarrilean, zortzi milioi pertsona baino gehiagok bisitatuko dituzte merkataritza-gune handi horiek.
Zalantzarik gabe, Ingalaterran Euskadi turismogune gisa finkatzen jarraitzeko aukera paregabea da, Ingalaterra baita turistak igortzen bigarren herrialdea eta gure lehentasunezko merkatu nagusietako bat. 2011. urtean, abenduko datuak ezagutu gabe, 68.000 turista ingeles baino gehiagok egin ziguten bisita, hau da, Euskadiko hoteletan 125.000 ostatu-gau baino gehiago izan ziren.





Berri honen iruzkinen RSSa