
Lehendakariak lankidetza protokoloa izenpetuko du Gaztela eta Leongo presidentearekin
Patxi López lehendakariak eta Juan Vicente Herrera Gaztela eta Leongo presidenteak bi erkidegoen arteko lankidetza protokolo bat izenpetuko dute datorren astean. Protokoloaren helburua da bi erkidegoetan eragina duten gaiei ekitea lankidetza eta leialtasun instituzionala abianpuntu hartuta.
Lehendakaria, Iñaki Arriola Garraio sailburuarekin, Rafael Bengoa Osasun sailburuekin eta Manu Salinero Lehendakaritzaren idazkari nagusiarekin batera joango da astelehenean, hilak 23, Valladolidera, Gaztela eta Leongo ordezkaritza batekin bilera izateko eta protokoloa izenpetzeko.
Euskadik eta Gaztela eta Leonek lurraldea, historia, ekonomia eta kulturari buruzko faktoreak partekatzen dute eta horrek herritarren mesederako izango diren programa eta proiektu komunak egitea errazten du, etorkizunean aurrerapena eta garapena lortzea ahalbideratuz. Protokoloak eremu mugakideetan ezinbesteko zerbitzuak eskaintzeko aukera hobetzeko alderdiak batuko ditu.
Osasun alorrean protokoloak helduko dio larrialdiei, emergentziei eta osasun garraioari, oinarrizko osasun-laguntzari, laguntza espezializatu eta gizarte osasunekoari, baita osasun zientzia eta teknologia berrien alorretan osasun-langileen prestakuntzari eta ikerketari ere. Halaber, bi erkidegoak bai bidaiarien bai merkantzien komunikazio eta garraio egituretan jarduerak garatzea aztertuko dute.
Lankidetzarako beste alor batzuk izango dira I+G+Bn berrikuntza, internazionalizazioa, industria, energia, merkataritza eta administrazioaren funtzio publikoa eta modernizazioarekin zerikusia duten alderdiak.
Eusko Jaurlaritzaren iritziz protokolo horrek, mugakide diren beste erkidegoekin eta sortu berri den Euroeskualdearekin izenpetutako protokoloen ildoan Gaztela eta Leonekiko harremanak eta lankidetza optimizatuko dituela interes komuneko arloetako lana hobetu ahal izateko.


Berri honen iruzkinen RSSa