
Parte-hartze prozesua irekita dago Irekia berrian
Euskadiko Open Government-aren web orriaren bigarren urteurrena bete da Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa-lanean herritarren partaidetzan sakontzeko helburuarekin
Irekiak, Eusko Jaurlaritzaren Open Government-aren atariak, herritarrengana eta beren beharretara hurbiltzeko parte-hartze prozesu bat hasi du. Euskadik duela bi urtetik Interneten herritarren ahotsa jasotzeko eta arreta eskaintzeko tresna bat du. Orain, gizarteak partaidetza handiagoa eskatzen duela kontuan hartuz, Irekiak euskal herritarrek beren neurriko web orri bat izatea nahi du, gobernuaren erabakietan parte hartzea erraza eta zuzena izan dadin.
Horretarako, albiste honetan bertan, Irekia prestatzen ari den tresnaren funtzionamendua azaltzen duten bi tutorial jarri dira herritarren eskura. Horrela, eskuragarri dagoen materiala berrikusi ondoren, beren iritziak, kritikak eta iradokizunak oharretarako atalean plazaratu ahalko dituzte. Herritarren ekarpenak bildu eta analizatuko dira eta web orria Gobernu Irekiaren helburuetara (gardentasuna, parte-hartzea eta lankidetza) gehien hurbiltzen direnak kontuan hartuz egokituko da. Herritarrek hilabete izango dute atari berriak nolakoa izan behar duten eztabaidatzeko eta gomendatzeko. Paraleloki, Patxi López lehendakaria gaur Interneten adituak diren ehun bat pertsonarekin elkartu da Irekiaren beta bertsioa aurkezteko, probak egiten eta ekarpenak egiten has daitezen.
Gobernu Irekiaren eta Interneteko Komunikazioaren zuzendari Nagore de los Ríosen hitzetan, “hau herritarrak politikariekin harremanetan jartzeko gune bat da, eta beraz, kontuan hartu behar ditugu”. Irekiaren bertsio berriarekin “parte-hartzean murgilduko gara”. Proba-fasean dagoen beta bertsioarekin, herritar batek Eusko Jaurlaritzak konpon dezakeen behar zehatz bat duenean, "oso erraza da: nahikoa da Irekiara sartu eta galdera edo proposamen bat egitea”. Are gehiago, arloan zuzeneko eskumenak dituen karguarekin kontaktuan jar daiteke, hau da, sailburuarekin, sailburuordearekin edo baita lehendakariarekin ere. Hortaz, Irekia berrian sailak eta bere arduradun gorenak herritarrei laguntzeko, haien zalantzak entzuteko eta haien iradokizunak jasotzeko prest egongo dira. Arreta eraginkorra bermatzeko, herritarrek eskaera bakoitzari erantzun arte zenbat denbora igaro den ikusi ahalko dute. (Informazio gehiago lortzeko, kontsultatu tutorialak).
Eusko Jaurlaritzaren barruan urtebetez ebangelizazio lana egin ondoren, aldaketa kultural honek tresna berriarekin bigarren fasea martxan jarriko du. Bigarren urtean Irekiaren lana nazioartean aintzatetsi da. Argentinako Errepublikako gobernua izan zen Irekiaren softwarea erabiltzen hasi zen lehenengoa (irekita dago berrerabili eta egokitu nahi duten administrazio guztietarako), Berisso-n proiektu pilotu baterako erabili baitzuen. Bestalde, Estatu Amerikarren Erakundeko idazkari nagusiak urrian lehendakariari eskatu zion Irekiaren softwarea 44 herrialde kideetara heda zedila. Halaber, urrian Irekia W3Cren kide bihurtu zen, eta, ondorioz, Euskadik hitza eta botoa du Internetekin lotuta hartzen diren nazioarteko erabakietan.
Zenbakiei dagokienez, bere lehenengo bi urteetan Irekiak 2 milioi orri baino gehiago izan ditu, 4.263 albiste eta 2.248 agenda-ekitaldi plazaratu ditu. Sare sozialetako presentziari dagokionez, Twitter-ek 3.114 jarraitzaile ditu eta 281 zerrendatan sartu dute sare sozial horretako kide diren pertsonek, eta bertan elkarrizketa etengabea da. Facebook-en Irekiak 2.179 “fan” ditu, 707.719 erabiltzaileren irismenarekin. 2011ko nobedade nagusietako bat Eusko Jaurlaritzaren Sare Sozialetarako Erabilera eta Estilo Gida da (8.643 deskarga lortu zituen).


Berri honen iruzkinen RSSa