
Gas ez-konbentzionalari buruzko Erakunde arteko Batzordea eratu da Araban
Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak helburutzat jarri dute esplorazio-lanek ingurune naturalaren gainean izango duten afektazioa ahalik eta txikiena izango dela bermatzea, eta egin beharko liratekeen ustiapen-lanek eragingo lituzketen arriskuak identifikatzea.
Batzordea beste erakunde batzuetara irekiko da, hala nola ministerioetara eta egon litezkeen ustiapen-lanetan sartuta dauden beste udal batzuetara, eta aldizka proiektuan interesa duten gizarte-kolektibo eta -agenteak gonbidatuko ditu aldizka.
Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren ordezkariek gaur goizean eratu dute gas ez-konbentzionalari buruzko Erakunde arteko Batzordea Araban. Erakunde hori sortu da lurralde historiko horretako zorupean gas-hobi garrantzitsu bat aurkitu dutelako, gutxi gorabehera 185 bcm-ko bolumena duena, hau da, Euskadi osoan 60 urtean edo Espainian bost urtean kontsumituko denaren parekoa.
Lakuan egin den bilerara proiektatutako ikerketa-lanekin lotura izan dezaketen gaietan eskumenak dituzten euskal erakundeetako arduradunak bertaratu dira. Eusko Jaurlaritzaren aldetik Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko ordezkariak bertaratu dira, Xabier Garmendia Industria eta Energiako sailburuordea buru izanik, eta Garmendia bera izango da Batzordearen presidentea, hain zuzen ere.
Halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko arduradunak bertaratu dira, baita Arantza Leturiondo eta Iñaki Achucarro sailburuordeak eta Jaurlaritzaren mendeko sozietate publikoak ere, hala nola URA (Uraren Euskal Erakundea) eta EEE (Energiaren Euskal Erakundea). Aldundiaren aldetik Marta Ruiz Ingurumeneko foru-diputatua bertaratu da, Udalaren aldetik, berriz, Idoia Garmendia Ingurumeneko zinegotzia.
Bilerari esker hurbilagotik ezagutu ahal izan da Araban gas ez-konbentzionala ote dagoen ikertzeko proiektua. Ekimen horren buru Euskadiko Hidrokarburo Baltzua da, EEE Taldekoa, Ipar Amerikako bi enpresarekin lankidetzan. Une honetan, bi putzu esploratzeko baimenak (bata 2012an eta bestea datorren urtean) lortzeko lanak bukatzen ari da, inbertsio globala 100 milioi euro izanik.
Aurreikusten da Arabako Subijanako eremuan, Gasteizko udalerriaren barruan, egingo den ikerketaren helburua hobiaren bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumenekoa argitzea dela. Kalkulatzen da gas horren egungo balioa 30.000 milioi euro inguru dela.
Gaur Batzordea eratu duten erakundeen helburu nagusiak honako hauek dira: alde batetik, esplorazio-lanek ingurune naturalaren gainean izango duten eragina ahalik eta txikiena izango dela bermatzea, eta, bestetik, egin beharko liratekeen ustiapen-lanek eragingo lituzketen arriskuak identifikatzea.
Horretaz gain, lema gisa honako printzipio hau hartzeko konpromisoa hartu dute: "erakunde bakoitzak bere eskumenen eremuan jardungo du, erantzukizunez eta leialtasunez".
Erakunde berri horri esker gai honi dagozkion erakundeen artean informazioa trukatzeko bideak arindu egingo dira. Izan ere, erakundea eratu denean honako hau zehaztu da: "erakunde bakoitzari dagozkion eskumenei kalterik egin gabe, Batzordeko kideek interesgarritzat hartzen duten informazio oro lortuko dute".
Batzordearen bileran, halaber, aurrera egin da gas natural ez-konbentzionalari buruzko Jardunaldi Tekniko bat antolatzeko xehetasunetan. Hiru erakundeetako bakoitza bere aldetik prestatzen ari zenez topaketa teknikoak antolatzeko aukera, erabaki da mailarik goreneko jardunaldi batzuk programatuko direla guztientzat gai horretako adituekin, eta elkarrekin antolatuko dituztela jardunaldi horiek.
Batzordearen bilerak hiru hilean behin egingo dira; nolanahi ere, ezohiko topaketak deitu ahal izango dira datozen bi urteetan, hau da, gas-hobiaren esplorazioak iraungo duela aurreikusita dagoen epean.
Esplorazio-lanak bukatu ostean, Batzordeak azken txosten bat egingo du, egindako eragiketen eta eragiketa horien ondorioz azaleko nahiz lurpeko ingurumenean sor daitekeen arriskuaren inguruan Batzordeak duen balioespena bilduz, eta etorkizuneko lanak (ikerketa-lanak edo ustiapen-lanak) garatzeko gomendioak ezarriko dira.
Beste erakunde batzuk gonbidatzea
Proiektu honetan beste erakunde batzuk sartuta daudenez, edo etorkizunean sartuta egon daitezkeenez, Batzordeak proposatu du beste hiru udal gonbidatzea Batzordean parte hartzeko, hau da, Iruña Oka, Kuartango eta Erriberagoitia. Horretaz gain, Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren Hidrokarburo Zuzendariordetza Nagusiak eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak Batzordean parte hartzeko gonbidapena egiteko aukera aztertu da.
Era berean, erabaki da Erakunde arteko Batzordeak bilerak egingo dituela aldizka Arabako eremuan ordezkaritza duten indar politiko guztien ordezkariekin, baita proiektuan interesa izan dezaketen gizarte-kolektiboekin eta -agenteekin ere, informazioa jaso eta beren iritzia eman dezaten.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko urtarrilaren 25a
Deskargak
- Audioak
- Bideoak
- Argazkiak (15)
- 2012_01_25_industria_comisi...
- 2012_01_25_industria_comisi...
- 2012_01_25_industria_comisi...
- 2012_01_25_industria_comisi...
- 2012_01_25_industria_comisi...
- 2012_01_25_industria_comisi...
- 2012_01_25_industria_comisi...
- 2012_01_25_industria_comisi...
- 2012_01_25_industria_comisi...
- 2012_01_25_industria_comisi...
- 2012_01_25_industria_comisi...
- 2012_01_25_industria_comisi...
- 2012_01_25_industria_comisi...
- 2012_01_25_industria_comisi...
- 2012_01_25_industria_comisi...
Politikariak
Beste gonbidatu batzuk
- Viceconsejero de Industria y Energía
















Berri honen iruzkinen RSSa