Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskal enpresen nazioartekotzearen aldeko apustua 14,2 milioi euroko laguntzekin (2012-02-21(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko Otsailak 21

Erabakia, PROINTER Programa, enpresak kanpoan sustatzeko eta ezartzeko ekintzetarako laguntza-programa 2012ko ekitaldian finantzatzeko, 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematekoa. Ebazpena, 2012eko otsailaren 22koa, Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearena. Honen bidez, argitara eman da Euskadiko enpresak kanpoan sortu, ezarri eta garatzea bultzatzeko Kanpo Ezarpenetarako GAUZATU Programa arautzen duen Aginduak ezarritako esparruko laguntzak 2012eko ekitaldirako emateko deialdia.

Euskal enpresen nazioartekotze-mailak gehitzea du helburutzat Prointer programak, eta 9,2 milioi eurorekin hornitu da, 2011n baino % 15 gehiagorekin. Iaz, 630 enpresari eta 780 proiekturi laguntza eman zien programak, 8 milioi euroko aurrekontuarekin.

2008tik hona bikoiztu egin da laguntza horiek baliatu dituzten enpresen kopurua, ekitaldi horretan 230 izatetik iaz 600 baino gehiago izatera igaro baitira.

Beste herrialde batzuetako produkzio-ezarpena sustatzea helburutzat duen Gauzatu-Kanpoko Ezarpenak programak 5 milioi euroko hornidura du.

Euskal enpresen nazioartekotzaren aldeko apustua eginez jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak. Ildo horretan, Jaurlaritzaren gaurko Kontseiluak 14,2 milioi eurorekin hornituriko laguntzak onartu ditu. Diru-kopuru hori bi programatan zatituta dago: Prointer eta Gauzatu.

Prointer programari dagokion zenbatekoa 9,2 milioi euro da, hau da, 2011n baino % 15 gehiago, eta euskal enpresen nazioartekotze-mailak gehitzea du helburutzat, kanpora irteteko erabakia hartzen duten unetik beretik hasita.

Zenbait laguntza-linea biltzen ditu nazioarteko jarduera sendotzen hasten denetik, baita kanpoko ezarpena ere. Jardun horiek eragindako gastuen % 30-50 estaltzen laguntzen du programak, eta horien artean daude lankidetza bidez egindako kanpoko sustapena, nazioarteko jardun-plana eta merkataritzako, produkzioko eta zerbitzu-enpresetako (ingeniaritza- eta aholkularitza-enpresak, nagusiki) ezarpenak.

Enpresek jasoko dituzten diru-kopuruak 99.000 euroraino irits daitezke, finantzatzen diren ekintzen arabera. 2011n 630 enpresari eta 780 proiekturi eman zaie laguntza, 8 milioi euroko aurrekontuarekin. 2008tik hona bikoiztu egin da laguntza horiek baliatu dituzten enpresen kopurua, urte horretan 264 izatetik 2011n 600 baino gehiago izatera igaro baitira.

Bestalde, 5 milioi eurorekin hornituriko Gauzatu-Kanpoko Ezarpenak programa Euskadiko enpresen nazioarteko jarduera sendotu eta indartzeko tresna da, eta beste herrialde batzuetako produkzio-ezarpena babesten du. Hori lortzeko, bere aktibo finkoak finantzatzeko laguntzen du programak, hala nola lurren, makinen eta abarren erosketa.

Bi programak osagarriak dira, eta Euskadin kokaturiko ETEek baliatzen dituzte batez ere. Prointer programaren onuradun izan daitezke, halaber, esportazio-partzuergo eta sustapen-taldeak eta kanpoko ezarpen-proiektuetarako enpresa handiak.

Eusko Jaurlaritzak aurrera jarraitzen du euskal enpresak nazioartekotzearen aldeko bere apustuarekin eta programa horiek dira horren erakusgarri. Azken hiru urte hauetako datuek erakusten dutenez, atzerriko merkatuetan jarduten duten enpresek zein beste herrialde batzuetan ezarri direnek hobeto egiten diote aurre egoera ekonomiko zailari. Helburu horrekin, lehendakaria bera izan da legegintzaldi honetan euskal enpresek hainbat herrialdetara egindako zenbait merkataritza-misioren buru: Brasil, Txina, Arabiar Emirerriak edo AEB. Aurten Indiarako eta Turkiarako bidaiak ere aurreikusita daude.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, 2010-2013 aldiko bere Lehiakortasun Planean, helburutzat definitzen du, besteak beste, Euskadi ekonomia zabal bihurtzea, norabide bikoitzean: kanporako irteeran zein atzerriko inbertsioen ekarpenean.

Programa horiek helburu horretako lagungarriak dira, Euskadiko enpresek merkataritza-merkatu berriak aurkitzea eta kanpoan ezartzea lortzen baitute, euren lehiakortasuna eta produktibitatea gehituta betiere. Irteera horiekin atzerriko enpresak Euskadira erakartzea ere lortzen da, dagozkien inbertsioekin batera.

4 iruzkin
  • @Beaz_Bizkaia
    2012.eko Otsailak 21

    Comentario de Twitter:
    Euskal enpresen nazioartekotzearen aldeko apustua egiten du Eusko Jaurlaritzak 14,2 milioi euroko laguntzekin http://t.co/7YYySTKT

  • @aitorjv
    2012.eko Otsailak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @Beaz_Bizkaia: Gobierno Vasco: 14,2 millones de euros en ayudas a la internacionalizacion de las empresas vascas http://t.co/ybrrllMa

  • @barrixe
    2012.eko Otsailak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @Beaz_Bizkaia: Gobierno Vasco: 14,2 millones de euros en ayudas a la internacionalizacion de las empresas vascas http://t.co/ybrrllMa

  • @Beaz_Bizkaia
    2012.eko Otsailak 21

    Comentario de Twitter:
    Gobierno Vasco: 14,2 millones de euros en ayudas a la internacionalizacion de las empresas vascas http://t.co/ybrrllMa

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan