
Euskadik azken hiru urteotan lehiakortasunaren arloan egindako aurrerapenak aztertuko ditu Harvardko Unibertsitateak
Sektorearen ustez arlo horretan munduan dagoen aditu handienak, Michael Porter irakasleak, Eusko Jaurlaritza gonbidatu du legegintzaldi honetan hartu dituen erabakiak azal ditzan.
Bernabé Unda bihar joango da Harvard Business School zentroak emango duen eskolara, bertan ari baitira aztertzen garapen ekonomikoko 'euskal kasua'. Iazko urrian, estatubatuar unibertsitate horretan azaldu zituen azken urteotan Euskadik egin dituen aurrerapauso garrantzitsuak Patxi Lopez lehendakariak.
Lehiakortasunean Euskadik egiten dituen aurrerapausoekin adi dago Harvardko Unibertsitatea. Urteak dira zentro ospetsu horrek arlo horretako 'euskal kasua' aztertzen duela, 'Euskadi: Garapen Ekonomikoko Estrategia bat' izenburuko ikasgaiarekin. Michael E. Porter irakasleak zuzentzen du, espezialitate horretan mundu osoan dagoen aditurik handienak, sektorearen ustez klusterren ereduaren sortzaile denak, hain zuzen ere.
Hurbiletik ezagutzen du Euskadi eta Euskadiren garapen ekonomikoko eredua Michael Porterrek. Azken hamarkadetan ezarritako lehiakortasunarekin loturiko politiken jarraipena egin du, eta bere ezagutzak eta 'euskal kasua' ikasten ari diren ikasleenak eguneratu nahi ditu.
Ikastaroaren ikasleen artean Harvard Business School zentroko ikasleak hautatu dituzte, baita Harvard Kennedy School eta Massachussets Institute of Technology (MIT) zentroetako eta Tufts Unibertsitateko ikasleak ere.
Lehendakariaren hitzaldia
Iazko urrian izan zen Harvardko Unibertsitatearen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lehenengo harremana, lehendakariak estatubatuar unibertsitate horretan azaldu baitzituen hitzaldi batean Euskadiri egungo krisialdi honi bere inguruneko eskualde batzuek baino hobeto aurre egitea ahalbidetzen dioten politika ekonomikoetako batzuk.
Ezagutza horiek sakontzeko, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda gonbidatu du Michael Porterrek, lehiakortasunarekin loturiko politiketan legegintzaldi honetan izan diren aurrerapausoei buruzko informazioa eman dezan.
Gauzak horrela, sailburuak azalduko ditu, bihar izango den eskolan, etapa berriaren erronkei aurre egiteko azken hiru urteotan harturiko erabakiak.
Bernabé Undak Harvard Business School zentroan azalduko ditu 2009ko erdialdeaz geroztik harturiko neurri garrantzitsuenetako batzuk. Eutsi estrategia nola aplikatu den zehaztuko du, euskal enpresei egungo egoera gaindi dezaten laguntzeko, baita Euskadiko enpresa-sarearen finantzaketa errazteko garaturiko erreminta guztiak ere.
Jaurlaritzak onarturiko 2010-2013 aldiko Enpresa Lehiakortasuneko Planaren ardatz nagusiak ere errepasatuko ditu sailburuak, Euskadiren lehiakortasun-eraldaketarako gida-lanak betetzen dituen planarenak.
Bostongo Unibertsitatean emango duen hitzaldian, Berrikuntza eta Teknologiako sailburuorde Juan Goicolea eta Plangintza eta Estrategiako zuzendari Inmaculada Freije izango ditu berekin Undak. Eskolan izango da, halaber, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren zuzendari José Luis Curbelo.
Guztiek ere Harvardko ikasleen eta ikastaroaren zuzendariaren aurrean defendatuko dute azken urteotan izan den garapena, egungo testuinguru ekonomikoan Euskadiri Espainiako autonomia-erkidegoen artean hobekien eusten ari dena izatea ahalbidetu dion garapena, hain zuzen ere.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 27a


Berri honen iruzkinen RSSa