Berriak Lehendakaritza
Eu

Eskoriatzako Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa (Gipuzkoa) monumentu kategoriako sailkatutako kultura-ondasun deklaratu da (2012-03-06(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko Martxoak 06

Dekretua, Eskoriatzan (Gipuzkoa) dagoen Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa (lehen ‘Aitzorrotz’), monumentu izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko dena

Gaurko bilkuran, Eskoriatzako Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa (Gipuzkoa) monumentu kategoriako sailkatutako kultura-ondasun deklaratzen duen Dekretua onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak. Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa babesteko beharrezkotzat jotzen den eremuak interes historiko-arkeologiko nabarmena duen aztarnategi honetako okupazio-hondakinak biltzen ditu, hain zuzen, eremu horretan egindako lan arkeologikoei esker gaur egun arte ezagutzen ditugunak.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2011ko irailaren 22ko Ebazpenaren bidez, Eskoriatzako (Gipuzkoa) Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa (bibliografía zientifikoan Aitzorrotz izenaz ere ezaguna), monumentu izendapenaz, sailkatutako kultura ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko epea eman zen. Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko epea amaitu eta ez da bat ere alegaziorik aurkeztu. Legez ezarritako epeak igaro ondoren, Eskoriatzako Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa (Gipuzkoa) monumentu kategoriako sailkatutako kultura-ondasun deklaratzen duen dekretua onartu da.

Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoari eman zaion babes-maila kontserbaziokoa da. Gure erkidegoko arkeologian azpimarragarria izateagatik eman zaio babes-maila hori, bere ingurua hondatuko luketen jarduerak saihestearren.

Kontserbazioaren babes-mailak bermatu egingo du kontserbatu beharreko monumentuak kalterik ez jasotzea. Bertan burutu ahal izango diren jardueren helburua izango da babestutako ingurunean gizakiaren lehengo jarduera ulertzen lagundu dezaketen oraingo egiturak -edo lehengoen aztarnak- finkatzea edo zaharberritzea, ez besterik.

Gaztelua bere landa-ingurura egokitzea sustatuko da, baldin eta hori egiteak ez badu gaztelua bera funtsean aldatzen. Bertan kultura, turismo eta aisiari lotutako ekimenak egitea sustatuko da.

Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoaren eremuan edozein jarduera egin baino lehen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldez aurreko baimena beharko da, aldundia baita babes-araubide honetan ezarritakoa betetzen dela bermatuko duena, betiere Aizkorri-Aratzeko Parke Naturalaren organo kudeatzaileak ingurumenaren alorrean dituen eskumenak errespetatuta.

Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoan egiten diren esku-hartzeak gauzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen dituen baimenak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari jakinarazi beharko zaizkio, gainerako interesdunei bezalaxe.

Deskribapena
Bolibar auzoan, Eskoriatzako udalerriaren SWko ertzeko haitz batean, 738 metroko garaieran, Atxorrotzeko Santi Kurutzeko ermita dago. Toki horretan, Arlabango pasabideari gaina hartuta, Goi Erdi Aroko gaztelu garrantzitsuenetako bat dago, inguruan oraindik lekukotasun nabariak gordetzen dituena.

Tokia arretaz aztertuz gero, gazteluaren hondakinen nondik norakoak antzeman daitezke: oinplano trapezoidaleko esparru nagusia, 500 bat metro karratukoa, eta hari hegoaldetik erantsita eta beheragoko maila batean, bigarren esparru bat, 250 metro karratukoa.

Iraun duten gotortze-egiturak, harkaitzaren gerria ixten dutenak, harkaitzaren hegoaldean eta mendebaldean daude nagusiki; iparraldetik eta ekialdetik, ordea, ez da itxituraren beharrik, lurraren malda handiak berak sarbide oro ekiditen baitu. Hormak harlangaitzezkoak dira, kareharri txikiz eginak, ia arbastatu gabe eta argamasa ugari erabiliz. Hormen lodiera 1,5 eta 2 metro artekoa da, eta garaiera ez da metro eta erdira iristen.

Itxitura egiteko eraikitze molde hau ohikoa da honelako gotorlekuetan (harkaitz-gazteluak). Kokalekuaren berezko arroka baliatzen dute gotorlekuaren zatitzat hartzeko. Horma-zatiak altxatzen dira, kanpo-itxituraren funtzioa betetzen duen arrokaren berezko moldearekin tartekatuta, edo, bestela, arroka bera beheratu egiten da, hura zizelkatuz, dena delako erabilerari begira (uharka, egongelak...).

Sarbiderako atea hegoaldean dago, pasabide estu eta malda handiko batean. Gaur egun mailak daude bertan, eta itxitura metaliko bat du abereak pasa ez daitezen. Bertatik bigarren esparrura sartzen da, eta itxitura edo pasabide bikoitz bat dago dorre nagusia zegoen tokira heltzeko. Ustez, oraingo ermita dagoen tokian egongo zen dorrea XVI. mendean.

Mendiaren erpin gorenean, Gurutze Santuaren izenpeko ermita altxatu zen XVI. mendean. Oraingo oinplano laukizuzena eta lau isurialdeko estalkia 1953. urtean egindako zaharberritzearen ondorioa dira. Eraikinak ez du, antza, garrantzi handirik.

Ermitaren hego-hegalean uharka bat dago, beharbada teilatuko ura hobeto aprobetxatu aldera egindakoa. Haitzean egindako lana da, oinplano laukizuzena duena (4 bider 3.30 metroko oinplanoa, eta 1,50 metroko garaiera) eta 20.000 litro inguru jaso ditzakeena. Oraindik gordetzen ditu hormak iragazteko erabilitako argamasa-geruzaren hondar batzuk.

Haitz honekin aurrez-aurre, 70 metrora hegoalderantz, beste goi-haitz bat dago, gotortze-sistema beraren zatia izango zena, aurre-talaia modukoa, Erdi Aroko materialen hondarrak aurkitu baitira bertan. Gauza bera gertatzen da ermitaren NWan dauden harkaitzekin: aurkitutako material arkeologikoaz gainera, harkaitzetan bertan aztarnak baitaude biltegi edo halako egitura edo erakinak egiteko erabili izan direla frogatzen dutenak.

2 iruzkin
  • @goiena
    2012.eko Martxoak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @lasatxo: @goiena Eskoriatzako Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa kultura-ondasun deklaratu da http://t.co/JSjuCvb3

  • @lasatxo
    2012.eko Martxoak 07

    Comentario de Twitter:
    @goiena Eskoriatzako Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa kultura-ondasun deklaratu da http://t.co/JSjuCvb3

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan