
Athletic-Manchester partidaren segurtasun-dispositiboa Ertzaintzako historiaren handiena izango da
Estadioa, honen sarrerak eta Bilboko puntu sentikorrak kontrolatuko dira
Datorren ostegunean Athletic eta Manchester United taldeek San Mamesen jokatuko duten partida dela eta antolatu den segurtasun-dispositiboa Ertzaintzak futbol-jokaldi batengatik inoiz martxan jarritako handiena izango da. Baliabide-kopuru garrantzitsua zabalduko da, polizia ingelesarekin koordinatuta (Old Trafford zelaian jokatutako partidaren aurretik hasi zen elkarlana). Ekitaldia normaltasunez garatzea da dispositiboaren helburua; horren barnean, talde, laguntzaile tekniko eta arbitroen akonpainamendua eta hiriburu bizkaitarreko puntu sentikorragoen zaintza egongo dira. Aurreikusitakoaren arabera, 2.000 zale ingeles etorriko dira Bilbora jokaldia jarraitzeko.
Datorren ostegunean Athletic Club Bilbao eta Manchester United taldeek San Mamesen jokatuko duten Europa League Txapelketako final-zortzirenetako bueltako partidarentzako antolatu den operatiboa Ertzaintzako historiaren handiena izango da. Kirol-ekitaldiei dagokienez, 1992ko Tourreko Gipuzkoako etapetarako eta 1997ko Donostiako Txirrindularitza Mundialerako antolatutako dispositiboek baino ez dute gainditzen. San Mameserako dispositiboaren xehetasun guztiak zehazten amaitu da azken egunotan, Europa League Txapelketan klasifikatzeko klub biek jokatutako lehen kanporaketa igaro eta gero. Joaneko partidan gertatu zen moduan (Ertzaintzako talde bat Manchesterrera joan zen ekitaldiaren segurtasunean kolaboratzeko), orain, polizia britainiarrak Bilbora etorriko dira Ertzaintzarekin kolaboratzeko euren esperientzia United taldeko segurtasun-dispositiboetan ekarriz.
Manchester taldeko 2.000 jarraitzaile inguru etorriko dira Bilbora; gehienek aldez aurretik erosi dute sarrera eta hartu dute alojamendua. Asteazkenean, partida baino egun bat lehenago, hasiko dira gehienak heltzen.
Hiru maila
Ertzaintzak zabalduko duen operatiboa hiru jarduera-mailatan egituratzen da: afizio biak zainduko dira, estadioaren kanpoan zein barnean; Manchester Unbited taldearen, laguntzaile teknikoen eta arbitroen akonpainamendua egingo da Loiuko aireportura heltzen direnetik; eta hiriburu bizkaitarreko hiritarren segurtasuna bermatuko da (asteazkenetik ostiralera arte sendotuko da). Partidaren aurretik eta ostean zaleek egingo dituzten desplazamenduetan zehar zaintzea areagotuko da.
Gainera, beste neurri osagarri batzuk hartu dira, besteak beste, bideo bidezko zaintzea indartu da Bilboko puntu sentikorretan kokatutako kameren bidez. Halaber, patruilen presentzia areagotu da zenbait puntu estrategikotan (Loiuko aireportua edo aisia-zonaldeak eta San Mameseko inguruak, adibidez). Bilboko Ertzainetxeko agenteekin batera, Brigada Mugikorra eta Errefortzuzko Brigada izango dira eta, gainera, beste unitate batzuk prebentziozko egoeran egongo dira euren interbentzioa beharrezkoa izatekotan. Era berean, San Mames inguruan ohikoa den operatiboa sendotuko da Udaltzaingoaren kolaborazioarekin. Hiritarren Segurtasunerako Dibisiotik eta Bilboko Buruzagitzatik koordinatuko da operatibo guztia eta eguneko 24 ordutan zehar, jarraian, mantenduko da, dena normaltasunez garatzeko eta ekitaldia zale guztientzako futbolaren festa bat izateko.
Zaleentzako gomendioak
Ertzaintzak polizia eta Kontsulatu britainiarrari gomendio-sorta bat helarazi dio Manchesterreko zaleei emateko. Bertan aipatzen da Bilboko leku gehienak ziurrak izan arren, Bizkaiko hiriburuko erdialdeko (Abandoibarra, Zazpi Kaleak...) ostalaritza-establezimenduetara joatea San Mames ingurukoetara joan beharrean. Halaber, hiriaren planoak erraztu ditu Ertzaintzak; bertan, Manchesterreko zaleentzako zonalderik gomendatuenak agertzen dira eta San Mamesera joateko ibilbiderik onenak zehazten dira.
Ertzaintza zein Manchesterreko poliziaren ustez, partidak ez ditu segurtasun-arazo berezirik emango, joaneko partidan gertatutakoa ikusita (ez zen inolako istilurik eman) eta afizio bien ezaugarri eta ibilbidea kontuan izanda. Talde bien jarraitzaile guztien jokaera zuzenean dute konfiantza.


Berri honen iruzkinen RSSa