
Euskadiko gas ez-konbentzionala 30.000 milioi euroko aukera da euskal enpresentzat eta ekonomiarentzat
Bernabé Undak berriz ere adierazi du Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzaren egungo asmo bakarra Euskadin detektaturiko hobiak 'esploratzea' dela, horien esplotazio posible eta ondorengoaren segurtasun ekonomikoa, teknikoa eta ingurumen-arlokoa ziurtatzeko.
185 bcm-rainoko gas ez-konbentzionaleko hobiak ditu Euskadik, euskal herritarrentzat datozen 60 urteetarako hornidura ere bete dezakeen kantitatea, eta negozio-aukera bikaina euskal enpresentzat.
XXI. mendeko gas ez-konbentzionala izaten ari den agerpena nazioarteko inplikazio geopolitiko nabarmenak dituen aldaketa izugarria da, eta horrek etorkizuneko aukerak zabaltzen dizkie hobi-aurkikuntzak detektatu diren herrialdeei.
Gas naturala da eskari handiena duen energia Euskadin, % 42arekin 2010ean energiaren guztizko eskariaren gain. 3E2020 estrategiak ezartzen duen lerroetako bat gas naturalaren hornidura-sistema eta lehiakortasuna sendotzea da.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Undarekin batera agertu dira Legebiltzarrean Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendia, Energiako zuzendari Jorge Letamendia, EEEren zuzendari Jose Ignacio Hormaeche eta SHESA Euskadiko Hidrokarburoen Sozietatearen zuzendari kudeatzaile Juan Cruz Vicuña.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua gaur agertu da Legebiltzarrean, berak eskatuta, Araban detektaturiko gas ez-konbentzionaleko putzuetan garaturiko esplorazio-jardueren egoera azaltzeko.
Bernabé Undak onartu duenez, Jaurlaritzaren aldetik arduragabekeria litzateke Euskadiko zorupean aberastasun natural bat dagoela jakin eta hura erabateko bermearekin erauzteko aukerak ez ikertzea. Eta datozen bi urteetan garatuko diren esplorazio-lan guztiak helburu hirukoitzarekin egingo direla, hots, bideragarritasun ekonomikoa, teknikoa eta ingurumen-arlokoa zein den jakitea.
Gainera, erantsi duenez, bideragarritasun hirukoitz hori gertatzen bada, aurrera jarraituko dute 30.000 milioi euroko balioa ere izan dezakeen proiektuarekin, euskal enpresentzat eta ekonomiarentzat aukera handia izan daitekeenarekin, alegia.
185 bcm-rainoko gas ez-konbentzionaleko hobiak ditu Euskadik, euskal herritarrentzat datozen 60 urteetarako hornidura ere bete dezakeen kantitatea. Gas ez-konbentzionaleko hobi bakoitza bakarra da eta sakon esploratu behar da etorkizuneko garapen posible baten bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta ingurumen-arlokoa ezartzeko, Arabako Gran Enara Proiektuaren kasuan gertatzen ari den bezala.
Industria eta Energiako sailburuordeak ere parte hartu duen agerraldian azaldu denez, hobi jakin bati egotzitako ondorio negatibo hipotetikoak ez zaizkio inoiz ere aplikatu behar beste hobi bati, salbu eta abiapuntu-datu gisa ikertu beharreko hobi berrian antzeko zerbait gertatzeko probabilitatea ezartzeko eta prebentzio-ekintzak ezartzeko. Eta gas ez-konbentzionaleko hobi baten esplorazio-lanek ez daukate baliabide konbentzionalen esplorazioari loturikoek baino arrisku gehiago. Gainera, adierazi duenez, hori da bide bakarra beharrezko informazioa lortzeko hobiaren etorkizuneko garapen batekin jarraitzeko aukerari buruz erabakitzeko, ezjakintasunean edo egiaztatu gabeko irrealitateetan soilik oinarrituriko edozein erabakik ezin baitu ondorio onik ekarri.
Eusko Jaurlaritzak onartu du 2020ko bere energia-estrategia. Bertan biltzen denez, gas naturalak jarraituko du izaten hurrengo hamarkadan ere gure energia-mixaren erregai nagusia, eta oinarrizko energia izango da energia berriztagarrien iturrien aprobetxamendu handiagoko jokaleku baterako trantsizioan. Ildo horretan, kontuan hartu behar da gas naturala dela eskari handiena duen energia Euskadin, % 42arekin energiaren guztizko eskariaren gain. Horrenbestez, Euskadin gas ez-konbentzionaleko hobiak detektatzea etorkizunerako garrantzi handikoa da, eta zehazki, gure herrialdearen egoera ekonomikorako.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 27a


Berri honen iruzkinen RSSa