
Lanbidek hilean 7.413 enplegu diruz laguntzen ditu euskal ezinduentzat, legealdiaren hasieran baino % 21,5 gehiago
- "Enplegu-zentro berezien eta enpresa arrunten arteko diferentzia beren langileak laneratzeko, pertsonalki integratzeko eta gizarteratzeko gizarte-eginkizunean datza", azpimarratu du Gemma Zabaletak.
- Lan horien % 58,9 zerbitzuen sektorekoak dira, % 34,6 industriaren sektorekoak, eta gainerako % 6,5 nekazaritzaren eta eraikuntzaren sektorekoak.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak joan den 2011n hilero batez beste 7.413 enplegu diruz lagundu zituen ezintasunen bat zuten euskal herritarrentzat. Estaldura horrek % 21,5eko igoera dakar legealdiaren hasieran zegoenarekiko, batez beste 6.097 lanpostu finantzatzen baitziren.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak Legebiltzarraren Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordean enplegu-zentro berezien (EZB) jarduerari buruz egin duen agerraldian aurkeztu ditu datu horiek. "Enplegu-zentro bereziak herrialde honek dituen gauzarik onenetako bat dira eta jarraitu beharreko eredua dira Estatuan, bere ekonomia-jarduera bultzatzeko modua, laneratzeko tresnak eta erakundeen babesa Euskadiren ondare eztabaidaezina izaten laguntzen dioten erreferenteak dira, produkzio-sarearen, hirugarren sektorearen eta euskal erakundeen lan onaren adibide bikaina", esan du Zabaletak.
Lanbideren Administrazio Kontseiluko lehendakariak zera gaineratu du: "enplegu-zentro bereziek erakutsi digute erabat posible dela enpresa batek aurpegi soziala izatea, historikoki lan-merkatutik baztertuta egon diren kolektiboak laneratu eta aktibatu ahal izan ditzakeelako. Izan ere, lan egonkorrak eta kalitatezkoak pertsonei laguntzen badie, familietan eta zentro horietako langileengan duen eragina are handiagoa da".
7.413 enplegu babestuetatik, 3.754 ezintasun psikikoren bat duten langileentzat dira; 3.229 ezintasun fisikoren bat dutenen langileentzat; eta 430 sentimen-ezintasunen bat duten langileentzat.
% 58,9k beren jarduera zerbitzuen sektorean garatzen dute, % 34,6k industriaren sektorean eta % 6,5ek nekazaritzan edo eraikuntzan. 7.413 kontratuetatik 4.250 mugagabeak dira. Kolektibo horrek bere lanbide-jarduera 92 enpresatan garatzen du (25 Araban daude, 44 Bizkaian eta 23 Gipuzkoan).
"Enplegu-zentro berezien eta enpresa arrunten arteko diferentzia nagusia beren langile ezinduak laneratzeko, pertsonalki integratzeko eta gizarteratzeko gizarte-eginkizunean datza", azpimarratu du Gemma Zabaletak.
Krisialdiari hobeto eustea
"Enplegu babestuak Euskadin krisialdi ekonomikoari eutsi dio eta gainera langile kopurua handitu egin da, horrek sektorearen indarra agerian utziz", azpimarratu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak. "Duela urte askoz geroztik partekatu den lorpena da. Erakundeek enpresa horien Administrazio Kontseiluetan zuzenean parte hartzeaz gain, gogorarazi nahiko nuke Lanbidek sortu zenean hartu zituen erabakietako bat izan zela kolektibo horrentzako laguntzen deialdia egitea".
Martxan jarri zenetik, Euskal Enplegu Zerbitzuak 33 milioi euro bideratu ditu sektorean lanpostu gehiago sortzen zituzten proiektu berriak finantzatzera, baita enplegu-zentro berezietan lanpostuei eusteko laguntzak ematera ere. Era berean, Lanbidek beste bi milioi euro bideratu ditu lanbide-jarduerari laguntzeko unitateei estaldura emateko; unitate horiek enplegu-zentro berezietako diziplina anitzeko ekipoak dira, laneratzeko zailtasunik gehienak dituzten langileen laguntza eta sustapen profesionala bultzatzen dutenak. Beste bi milioi euro ere onartu zituen enplegu arruntean desgaituen enplegu egonkorra sustatzeko eta enplegu babestutik enplegu arruntera igaro ahal izatea bultzatzeko.
BILAKAERA AUTONOMIA ERKIDEGOAN
|
Urtea |
Enplegu babestuak |
|
2005 |
6.259 |
|
2008 |
6.097 |
|
2009 |
6.634 |
|
2010 |
7.120 |
|
2011 |
7.413 |


Berri honen iruzkinen RSSa